mag

Energia eta dibertsioa destilatzea. Fismulerren gakoa.

 

Nino Redruellok berezkoa du hitz egitera eta etengabe mugitzera bultzatzen duen energia, eta energia horrekin berarekin biluztu du San Sebastian Gastronomika -Euskadi Basque Countryn Fismulerren arima, Patxi Zumárragarekin partekatzen duen "semearen" arima.Madril eta Bartzelonako gauak aldatu egin dira bi hirietan Fismuler jatetxeak ireki zituztenetik, lehenik Madrilen eta, gero, Katalunian. Lokal hori, Nino Redruello eta Patxi Zumárragaren gidaritzapean, gastronomiaren erreferente ez ezik, dibertitzeko eta ondo pasatzeko gogoaren erreferente ere bihurtu da. 

José Carlos Capel kazetari gastronomikoarekin izan duen solasaldian Redruellok esan duenaren arabera, "Fismulerren atzean dagoen filosofia jatetxea baino harago doa, bizimodu bat da, Fismulerrera doazen guztiek partekatzen dituzten balioak daude". Naturaltasuna, zintzotasuna, apaltasuna, oreka, dibertsioa, elkartasuna, esentzia, jasangarritasuna eta demokratizazioa. Plateretan eta jarreran presente dagoen kredoa da, "funtsezkoena egiten duzunean sinestea eta ondo pasatzea baita". Eta Nino Redruello dibertitu egiten da. Eta berarekin batera, tenplu honetara gerturatzen diren guztiak, “sukaldaritza tradizionala egiten dugu, baina alaitasunez, harridura eragiteko gogoz".

Sukaldaria zintzoa da eta abisatu egiten gaitu: "ez gara goi mailako gastronomia, ez gara abangoardia". Redruellok eta Zumárragak egiten duten sukaldaritzan, produktuak markatzen du zer prestatu, "produktuari ahotsa emango dioten platerak bilatzen ditugu, guk ez dugu azalpenik ematen, ez dugu elkarrizketarik mozten". Fismulerrera gozatzera goaz, "beste istorio bat da". 

Fismuler espiritua aletzen zuen bitartean, Redruello sukaldean ere aritu da, eta bere jatetxean arrakasta handia duten proposamenetako batzuk erakutsi dizkigu. Ahoan harridura sortu du, tipula, baratxuri, txibi frijitu eta txerri mutur gisatuarekin egindako txibi-kauserarekin, dashi eta ostra saltsaz lagundutakoarekin. Txibi tintazko tenpuran frijitutako kausera beltza, "mokadu xelebre, dibertigarri eta gozoa da; papilak aktibatzen dituen janaurrekoa".

Eta behin papilak aktibatuta ditugula, sukaldariak "kontraste dibertigarri, baina sinple eta naturalak” dituen lehen plater bat aurkeztu du. Protagonista bezala, bisigua, testura leuna lortzeko ontze expresa izan duena, xarlotarekin ("freskotasuna, ukitu mikatza"), mahats gorriekin ("ukitu gozoa"), arbendol txigortuarekin ("ukitu kurruskaria") eta sriratxa hautsarekin ("ukitu mina").

Baina Redruello ezin zen kongresutik joan bere ikurra den plateretako bat egin gabe; izan ere Madrilgo Las Tortillas de Gabino jatetxeko "tortillen mutikoa" baita. Ninok bere tortilla frantses perfektua erakutsi digu, "tortilla oso fina da, arrautza ez da inoiz mamitzen", eta urdai iberikoz, itsas osinez eta urdaiarekin aberastutako apar batez beteta dago.

Arrakastaren gakoei buruz, Nino Redruellok hitzaldi hasieran esan duenez, "inork ez du gakorik", baina inork ezin ukatu Fismulerrek asmatu egin duela, bat-batekotasun horrekin —itxurazkoa bada ere— eta gutxirekin asko esanez. Baina Redruellok azpimarratu nahi izan du, onena "bertan arnasten den giro ona dela".

Magazine

 

Síguenos

Antolatzaileak

Erakunde babesleak

Babesleak

Hornitzaile Ofiziala

Laguntzaileak