Narru jatetxea, garaile XI. Parrila Lehiaketa Nazionalean
Iñigo Peñaren jatetxeak, Gorka Irure parrilaren agintean duela, irabazi du txapelketa, Guikar haragiarekin batera.
Parrila Lehiaketa Nazionala uztailean egin zen, Hika Bodegan (Villabona, Gipuzkoa), eta Espainiako leku guztietatik etorritako zortzi jatetxek parte hartu zuten bertan.
2020ko Parrila Lehiaketa Nazionalaren 11. edizioak, San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Countryren lehiaketa zaharrena denak, aurtengo irabazleak iragarri ditu. Donostiako Narru jatetxeak, Gorka Irure parrila arduradunaren jakinduriarekin, Guikarren Alemaniako frisiar batekin lortu du nagusitzea. Halaber, Guikar lehiaketako haragi hornitzaile onena izendatu dute. Narruk, beraz, Bilboko Amaren jatetxearen lekukoa hartu du, eta Guikarrek Fisterra Bovine World-ena, horiek izan baitziren txapeldunak 2019ko lehiaketan.
XI. Parrila Lehiaketa Nazionala asteazken honetan ikusi ahal izan dugu, baina, pandemia dela eta, uztailaren 28an egin zen Villabonako (Gipuzkoa) Hika Bodegan. Oria ibaiaren gain batean dagoen upategi ikusgarrira joan ziren parte hartu zuten zortzi jatetxeetako taldeak, bai eta epaimahai osoa ere, edizio honetan Donostiako Ganbara tabernako Amaia Ortuzar buru zuela. Topaketa dinamizatzeko lanetan aritu zen David de Jorge chef eta showmana, zeinak berriz agertu zuen "munduko ogibiderik gogorrenetako bat" omentzen duen lehiaketaz harro dagoela.
Ardogintza gunearen terrazan, Roberto Ruizek —Tolosako Frontón jatetxeko chef mitikoak— kudeatzen duen jatetxearen ondoan, Josper parrilak martxan jarri eta haragia erretzen hasi ziren. "Oso lehiaketa entretenigarria izan zen, haragien eta tekniken aniztasuna ziurtatu zuena", azaldu zuen Agullók, "nahiz eta haragi guztiak euskal erara erabili diren, egosketa puntuan", erantsi zuten bere lankideek.
Ortuzarrek, Pedro Subijana, Martín Berasategui eta Juanjo Lopez chefek; Benjamín Lana, Xavier Agulló, Carlos Maribona, Patricia Mateo, Alberto Luchini, José Carlos Capel, Julia Pérez, Julián Méndez eta Clara Pérez Villalón kazetariek, eta Francisco Carrasco eta Juanjo Arratibel haragian adituek —hau da, epaimahaiak— haragiaren kalitatea, egosketa, testura eta txuletaren zaporea baloratu zituzten, eta saria Narruri ematea adostu zuten.
Gorka Irure parrilaren arduraduna buru zela, Narru herrialdeko hainbat lekutatik etorritako zazpi aurkarien aurretik gailendu zen, "egunetik egunera jarraitzaile gehiago irabazten dituen sukaldaritza modu baten garrantzia erakutsiz", azaldu zuen De Jorgek. Parte hartzaileak honako hauek izan ziren: Txitxardin (Lasarte, Gipuzkoa), Arcecarneren haragiarekin; Balcón del Pirineo Ordesa (Buesa, Huesca), Cárnicas Goyarekin; Saizar (Usurbil, Gipuzkoa), Discarluxekin; Pura Brasa World (Bartzelona), Beef on Foodekin; Verum (Málaga), Makroren haragiarekin; Casa Lola (Tutera, Nafarroa), Nafarroako Ostalaritza Kooperatibaren haragiarekin, eta El Esquinazo Erretegia (Santa Cruz Tenerifekoa), Cárnicas Lyorekin.
Epaimahaiak haragia dastatzeko, Roda upategiko Agustín Santolayak proposatutako uztarketa egon zen, eta Roberto Ruizen babarrun plater batekin amaitu zuten, orain upategiko Hika jatetxearen buru baita.