Albert Raurich: “Barrak itzuliko dira”
Mahai ingurua Albert Raurich, Amaiur Martínez Ortuzar eta Mariano García Romerorekin, pintxoen barretako errealitate berriari buruz.
Albert Raurichek (Dos Palillos* - Dos Pebrots, Bartzelona) optimismoz itxi du mahai ingurua, Covidaren ondorioz pintxoen barrek izan dezaketen etorkizunari buruzkoa, San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Countryren plato nagusian egin dutena. Dena den, lehenago eta eztabaidan zehar, ez dute etorkizun batere itxaropentsua azaldu, ez berak, ez bere mahaikideek —Amaiur Martínez Ortuzarrek (Ganbara, Donostia) eta Mariano García Romerok (Donald kafetegia, Sevilla)—.
Carlos Maribona kazetari eta gastronomia kritikariak moderatu du solasaldia, sukaldaritzaren sektore osoarekin partekatutako errealitatearekin hasi dena. "Zaila eta kezkagarria da", esan du Ganbarakoak. Eta egoera are okerragoa da barraz hitz egiten badugu, Raurichen hitzetan, egungo egoerarekin, "barra desagertu egiten baita, barraren kontzeptuak berak zentzua galtzen duelako". Garbi zegoen barrak, guk ulertzen ditugun moduan (mokadu bat jatea, garagardo bat edo beste hartzea, kafea han eta hemen zerbitzatzea eta errotazio handia izatea) ez direla bideragarriak. Ganbaran eta Donalden eserlekuak eta mahaiak jartzea erabaki dute —Bartzelonakoak bere Dos Palillos oraindik itxita du—, baina "jendea esertzen bada, jada ez du pintxo bat bakarrik nahi, zerbait gehiago nahi du, afaldu nahiko du", azaldu du Amaiur Martínezek. Hori da Donostiako Alde Zaharreko lokal mitikoan aztertzen ari diren bideetako bat: anoa gehiago zerbitzatzea eta egonaldi luzeagoko maiztasunetara igarotzea. Horren harira, Martínez Ortuzarrek ziurtatu du "pandemia pintxo etxeetan aspaldi eskatzen zen zerbaiten katalizatzailea izan dela: erosotasun handiagoa eta pintxo bero gehiago".
Proposamenaren bestaldean, sevillarraren ikuspegia, berari "ez zaio axola mahai bat kafe edo garagardo bakarrarekin beteta edukitzea", garrantzitsuena "bezeroarekin harremanetan jarraitzea delako, ez diezaiola etortzeari utzi kafea barran hartzerik ez duelako". Raurichi kosta egiten zaio ulertzea zergatik egon behar diren itxita barra gastronomikoak, bere kasuan bezala, "barretan leku libreak utziz gero, bideragarritasuna eta segurtasuna eman diezaiekezulako".
Edonola ere, badirudi bidea argi dagoela: "gauzak birpentsatu behar ditugu, hau luzerako baita", profetizatu du Dos Palilloseko chefak, eta Ganbarako semeak gaineratu duenez, "eta turistak iristerako asko falta da". Mariano García dagoeneko martxan dago eta negozioa eramateko janariarekin zabaldu du: "lehen afaltzeko pintxoak jatera etortzen zenak etxera eramaten ditu orain".
Hirurak ados egon dira, berriz ere, administrazioei egindako kritikan; ekintza eta laguntza faltagatik, eta baita kasu askotan ulertzen zailak diren arauengatik ere. "Ea, zergatik itxi behar dugu 12etan? Drakula bihurtzen gara, ala?" Umorez deskribatu ditu Mariano Garcíak ordutegi mugak, bere ustez, arauak gauez zein egunez manten zitezkeela esateko.
Baina, behintzat, eztabaida itxaropentsu itxi dute. "Beste krisi bat baino ez da", zioen Marianok, eskarmentuak eman dion jakinduriatik. Eta, gainera, "barrak itzuliko dira" ziurtatu du Albert Raurichek, benetan sinetsia baitago, "gure izaeraren parte direlako, bizi-filosofia bat".
Horixe izango dugu, bada, gogoan.