mag

Gastronomika sukaldari handien sukaldeetan sartuko da

 

Donostiako jatetxerik onenak hitzaldietarako agertoki bihurtuko dira.

Munduko gastronomiako pertsona ospetsu barrenkoienetako bat da. Suaren jenio bat, bere erretegitik nekez urruntzen dena eta kongresuetan parte hartu nahi izaten ez duena. Oraingoan, ordea, Bittor Arginzonizek, San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Countryn parte hartzeaz gain, bere etxeko ateak irekiko ditu eta kongresukideei sukalderaino sartzen utziko die. Etxebarri Erretegiaren parte hartzea, munduko hirugarren jatetxerik onena izanik, abagune nagusietako bat izango da, gastronomiari buruzko kongresurik zaharrenak urriaren 5etik 9ra bitartean online eta doan egingo duen edizio hain atipiko honetan. Lehen ediziotik hogeita bi urte igaro badira ere, badirudi Gastronomikak kultura gastronomikoa mundu osora eramateko bide berriak aurkitzen tematuta jarraitzen duela.

Etxebarriz gain, euskal sukaldaritzaren beste ikono bat izango dugu gurean: Eneko Atxa. Bere eskutik, zuzenean ikusi ahal izango dugu nolakoa den zerbitzu bat bere hiru Michelin izardun jatetxetik, hau da, munduko jatetxe onenen zerrendaren hamalaugarren postuan dagoen Azurmendi jatetxetik. Gardentasun ariketa bat da, duela hamarkada batzuk sukaldaritzan pentsaezina zena. Haren bidez, nazioarteko ikusleentzat guztiz berria den aukera bat emateaz gain, berrikuntza bide bat irekitzen da arlo honetako kongresuentzat, eta Gastronomikak horien artean aitzindari izaten jarraitzen du. "Kongresua gure etxera etortzea aukera paregabea dela deritzot, munduari zer garen transmititzen lagun diezagun" esan zuen Atxak berria ezagutzera eman zenean. “Batzuetan zaila da auditorium batean  gure sukaldeetan egunero gertatzen denaren berri ematea. Ohore bat da nire jatetxetik eta nire langileez inguratuta egin ahal izatea”.

Horretarako, unitate mugikor bat joango da Atxondora eta Larrabetzura, herrialdeko bi sukalde ospetsuenetarikoen nondik norakoak zuzenean erakusteko. Vocentoren Gastronomia ataleko presidente eta kongresuaren antolatzaile Benjamín Lana izango da lotsati ospea duten bi jenioei hitzak ahotik ateratzearen arduraduna. Bi hitzorduez gain, duela aste batzuk baieztatutako beste plater nagusi bat izango dugu: Ferran Adriàk Cala Montjoitik parte hartuko du, elBulli1846 azkenean ere erakusteko, eta bere ikerketa proiektu berriko bekadunak egiten ari diren lanez hitz egiteko.

Anfitrioi donostiarrak

Hiru parte hartze hauek gertaera benetan aipagarria dira, une garrantzitsu bat, osasun larrialdiak eragin duen, eta ekitaldien egutegiaren zati handi bat desagerrarazi duen egoera horren aurrean Gastronomikak ekindako bidean. Beharra bertute bihurtuz, Donostiako kongresuak ikusle berriengana iristea bilatzen du edukiak doan eskainiz, baina horretaz gain, online formatuaz baliatzen da hitzaldien emanaldi hutsetik harago joateko. Izan ere, Donostiako jatetxe prestigiotsuenetako batzuk ohiz kanpoko agertoki bihurtuko dira hitzaldien programaren zati handi baterako.

Hori horrela, astelehenean Akelarretik emango dira Pedro Subijana, Paco Morales eta Quique Dacostaren hitzaldiak. Asteartean, Andoni Luis Adurizek anfitrioi lanak egingo ditu Mugaritzen, Rafa Peña, Pedro Sánchez, Iván Domínguez, Nino Redruello eta Andreu Genestra sukaldari 'heterodoxoen' artean, zeinak bistronomiaz hitz egingo duten, aldaketa aro baten aurrean. Asteazkenean, Arzak familiak gauza bera egingo du Ángel León eta Josean Alijarekin batera, eta ostegunean Diego Schattenhofer Basque Culinary Centerreko sukaldeetatik arituko da anfitrioi gisa. Ostiralean, Zarauzko Aialan, Joan Roca, Javier Olleros, Carlo Cracco italiarra eta María Gómez eta Pablo González Conejero murtziarrak izango ditugu.

Martín Berasategui eta Hilario Arbelaitz pisu astunek ere euren jatetxeetatik eskainiko dituzte hitzaldiak, eta Donostia agertoki izango duten beste sorpresa batzuk ere izango ditugu programan gordeta. "Helburua da, egoera honetan ere, kongresua hirian ainguratuta mantentzea, berriz ere betiko ekitaldi jendetsua antolatzeko aukera dugun arte", azaldu dute antolatzaileek. Izena doan eman daiteke sansebastiangastronomika.com webgunean. Plataforma berria da eta bertan ikus daiteke online egingo diren hitzaldien egutegi osoa; parte hartzaileei eta kongresuaren XXII. edizioak jorratuko dituen gaiei buruzko xehetasunak ere bertan ikus daitezke dagoeneko.

Bideak-Caminos-Pathways izenburuarekin, Gastronomikak gastronomia ulertzeko hainbat modu esploratu nahi ditu, 'postbistronomia' bezalako formatu malguetatik hasi eta sukaldeari aplikatutako Black Lives Matter mugimenduraino, Afrikatik, Estatu Batuetatik edo Antilletatik datozen chefen parte hartzearekin. Ostalaritzaren sektoreak pandemia garaian duen zalantzaz beteriko etorkizunaz ere hitz egingo da, eta hain gertukoa dugun Italiako sukaldaritzaren lekukotasuna entzungo dugu. Hori guztia kongresuak iraungo dituen 5 egunetan egingo da, 70 hizlarirekin eta guztira 40 ordutik gora beteko dituzten zuzeneko emanaldiekin. Ez dago Etxebarri Erretegiko txingarren beroa baino irtenbide hoberik komunikazio digitalaren hoztasuna arintzeko.

Magazine

 

Síguenos

Antolatzaileak

Erakunde babesleak

Babesleak

Hornitzaile Ofiziala

Laguntzaileak