mag

Clare Smyth: “Negozioak hiriko gune batetik bestera aldatu dira”

 

Bi Michelin izar dituen Core (Londres) jatetxearen buru dela, Clare Smythek San Sebastian Gastronomikan parte hartu du ostegun honetan, "goi mailako sukaldaritza pandemiarekin hilko ez dela" gogorarazteko. Beharbada, bere Gobernuaren jardunari buruzko inolako kexarik agertu gabe baieztatu duenez, "sukaldaritzarekin lotutako negozioak hirigunetik kanpoaldera joango dira".

"Oraindik blokeo batean egon arren, edo agian, are gehiago, haren eraginez, gure bezeroek janari eta edari onak eskaintzen dituen esperientzia bakan eta berezia nahi dute oraindik ere. Antzerkira edo zinemara joatea bezalaxe, jatetxe batera joatea beharrezkoa dugun ekintza da, eta ez da hilko". Honela laburbildu ditu Clare Smythek, Core by Clare Smyth** (Londres) jatetxeko chefak pandemia honetan dituen sentsazio eta errealitateak. Positibo dago, eta ez du inolako errezelorik agertu bere Gobernuak duen jardunaren aurrean: “Ez dut kexarik. Gure langileen soldaten % 80 estali dute. Ez dakigu zenbat denboraz lagunduko diguten, baina ondo portatzen ari dira". 1.200 kilometro eta sekulako aldea daude.

"Bezeroak esperientzia bereziak espero eta bilatzen ditu oraindik ere, eta jatetxe gastronomikoek eman egiten dizkiogu; beraz, funtzionatzen jarraituko dugu". Smythek Londresetik parte hartu du Gastronomikan, bere jatetxearen funtzionamenduarekin pozik dagoela. "Turisten murrizketa drastikoa antzeman dugu, baina gu Londresen gaude, eta behar adina bezero dugu tokiko publikoarekin. Egia da edukiera eta txandak murriztu behar izan ditugula; izan ere, hiru orduko esperientzia eskaintzen dugunez, orain, azken zerbitzua 19:15etan hasi behar dugu. 22:00etan ixtera behartuta gaude”.

Britainiarraren esanetan, eskarian egon diren aldaketek eragin handiagoa dute hiriguneetan dauden negozioetan. "Telelanak hiriguneko lokalei eragingo die, baina bizitegi guneetan funtzionatzen jarraituko dute. Negozioa hiriko gune batetik bestera aldatu da, besterik ez. Jendea etxetik dabil lanean, baina horrek ez du esan nahi atera nahi ez duenik. Itxialdian zehar janari asko prestatu ditugu etxean eta nekatu egin gara. Beraz, etxetik lanean ari bagara ere, elkarrekin egoteko eta janari eta edari onez gozatzeko joera dugu, eta horixe egingo dugu" esan du, 2018ko The World's 50 Best-en arabera, Emakumezko Chef Onena denak.

Smythek egoeraren aurka borrokatu du eta borrokatzen jarraitzen du, sare sozialen erabilera trinkoa eginez — "Instagram gure bezeroekin komunikatzeko bide ezin hobe bihurtu da"—, eta bere lantaldearen prestakuntza areagotuz —"Akademia birtual bat sortu dugu, astero saioak eskaintzeko. Gure lantaldeen ezagutzan inbertitzen jarraitu behar dugu”—, baina ez du deliveryaren alde egiten. “Lankide askok horren aldeko apustua egin dute. Niri ez zait bereziki gustatzen, oraindik ez dut ulertzen Coreko plater bat nola joan daitekeen etxe batera kalitaterik galdu gabe. Guretzat, esperientzia osoa jatetxean gertatzen da”.

Clare Smythek klima aldaketaren aurkako mezu batekin esan digu agur, eta Michelin Gida urtarrilean Erresuma Batuan egingo dela ziurtatu du. "Atzeratu egin da, baina egingo dela ziurtatu digute, egiten ari garen lana erakutsi nahi dutelako. Laguntza hori garrantzitsua da, eta baita 50 Best-ena ere, jendeari jatetxeak eusten ari garela gogorarazi diotelako, eta gugana etortzeko nahia sustatzen dutelako".
Magazine

 

Síguenos

Antolatzaileak

Erakunde babesleak

Babesleak

Hornitzaile Ofiziala

Laguntzaileak