Jakatxo militarra eta % 100 jasangarria “Gastronomikarik berezierenerako”
Bartzelonako Des Garçons de Café estudioak hirugarren urtez jarraian egin eta banatuko ditu San Sebastian Gastronomikako jakatxoak. Ehun erabat jasangarriekin egin dira, zuriak dira eta alkandora baten antzekoak. Jakatxoen balio bizitza amaitutakoan, Garçons estudioak horiek jasotzeko konpromisoa hartu du eta, horrela, jakatxoak erabat birziklatzeko prozesua osatuko da.
Des Garçons de Café estudioak hiru urte daramatza Gastronomikako hizlariak janzten, hiru urte lineak eta etorkizunekoak markatzen dituzten jakatxoekin harritzen, eta, horregatik, urtez urte parte hartzaileak jakin-min handiarekin egoten dira horien zain. “2020koa, hain berezia izateagatik, desberdina ere bada eta ez soilik estiloan, baita ehunen kontzepzioan eta erabileran ere, erabat jasangarriak baitira” azaldu du Joan Camachok (Bartzelona, 1977), marka katalana duela hamabi urte sortu zenetik gidari lanetan diharduenak.
“Jakatxo dotorea da, ez da iazkoa bezain ausarta, baina hau ere abangoardista da, alkandora baten antza duena”, azaldu du Camachok, gehienbat uniformetasuna nabarmendu nahi izan duten diseinuari buruz. Linea oso garbiak, minimalistak, ditu, “jantzi militar bat ekartzen du burura, baina izan gabe”, jakatxoa erabat zuria da (“garbitasuna”) eta neurrira egokitu gabea (“erosoagoa”), kongresuko hirurogeita hamar hizlariak jasotzen ari direna.
Estetikaz harago, garrantzitsua dena beti herrialdeko jatetxe apurtzaileenetako batzuk (Diverxo, El Celler de Can Roca, DSTAgE, Sant Pau, Zaranda edo ABaC) janzten dituen edo jantzi dituen estudio batean, aurtengoan garrantzia ehunek dute, “alkandora batenak bezain arinak baitira”. Laborantza jasangarriko kotoi organikoz egindako ehunak dira. Bizkarreko zatia, “erosotasuna eta freskura eskaini behar duena”, Seaqualen (itsasotik plastikoak jasotzen dituen eta poliester bihurtzen dituen ekimenaren) poliester birziklatu bereziz egin da. “Beraz, birziklapenaz gain, itsasoko garbitasuna zaintzen da”.
Jasangarritasunaren aldeko apustu hau Des Garçons estudioak berriki egin duen erabateko aldaketaren barnean sartzen da, eta gertuko hornitzaileak erabiltzearekin ere erlazionatuta dago (“duela zenbait urtetik chefek sustatzen duten zero kilometroaren antza du”, adierazi du Camachok). Apustu hau bezeroekiko ekintza zehatzetan gauzatzen da, adibidez, Gastronomikan martxan jarriko dutena: bezeroei beren jantziak jasotzea horien balio bizitza amaitzen denean. “Inork ez daki arropa nora bota bere egitekoa amaitzen denean eta, normalean, era desegokian edukiontzi grisera botatzen da. Ez du ezertarako balio jatorrian apustua egin eta birziklatzea, eta hori ez egitea amaieran; horregatik, prest gaude gure jantzien balio bizitzaren amaieran horiek jasotzeko eta ondo birzikla daitezkeen tokira eramateko. Zirkulua ixtea da”, adierazi du bartzelonarrak.
Hori egingo dute Gastronomikan entregatuko diren jakatxo guztiekin, baita maskarekin ere. Maskarek, eraginkorrak izateko, agintariek eskatzen dituzten ezaugarriak (FP2 batenak) dituzte, bi geruza dituzte eta kanpokoa lehen aipatutako poliesterrarekin eginda dago.
Gastronomikarik bereziena izango da, formari, edukiari, estetikari eta mezuari dagokienez.