Ferran Adriàk elBulli1846ren lana azalduko du Gastronomika 2020n
L’Hospitaleteko jenioa Cala Montjoi-tik konektatutako da, elBulli1846ren lehenengo deialdian egindako lana eta espazioa bera erakusteko.
San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country 2020 programari azken ukituak ematen ari da; aurten, webgunetik erakutsiko du munduko gastronomiaren aniztasuna “Caminos‑Bideak-Pathways” izeneko kongresuan. Programa egituratzeko, kongresuaren bost egunetako bakoitza (urriaren 5etik 9ra) bideratuko duten bost gai orokor izango ditugu, eta baita herrialdeko sukaldaririk onenen parte hartzea ere. Horien artean, kasu honetan birtuala izango den oholtzara itzuliko da Ferran Adrià, elBulli1846tik esklusiboki konektatuz. Gainera, urriko hitzorduan gurekin izango ditugu, halaber, Gastronomikaren batzorde teknikoko kideak: Andoni Luis Aduriz, Josean Alija, Hilario Arbelaitz, Juan Mari Arzak, Eneko Atxa, Martín Berasategui eta Pedro Subijana, eta baita estatuko abangoardiarik onenaren beste ordezkari batzuk ere.
Abuztuaren 1ean, Ferran Adriàk harrera egin zien Cala Montjoin azaroaren 15era arte elBulli1846ren lehenengo deialdian jarduteko hautatutako profesionalei. Urriko lehenengo astean, Gastronomika egiten denean, lanaren azkeneko txanpan murgilduta egongo direnez, L’Hospitaleteko jenioak denbora honetan zehar egindako lanaren emaitzak erakutsi ahal izango dizkigu, munduko jatetxerik onena izandakoaren eraldaketarekin batera. Koronabirusaren krisiaren ondorioz bihurtu da birtual San Sebastian Gastronomikaren XXII. edizioa, eta une bakan bat bizitzeko baliatuko dugu.
Adriàz gain, estatuko abangoardia ere gurekin izango dugu Gastronomikaren ediziorik berezienean, izan ere, erabat doan eta on line izango den lehenengo edizioa baita. Zuzenean eta haien sukaldeetatik —edo kide euskaldun batzuen sukaldeetatik— iritsiko dira Gastronomikara, besteak beste, Ángel León (Aponiente***, Puerto de Santa María), Joan Roca (El Celler de Can Roca***, Girona), Paco Morales (Noor**, Kordoba), Toño Pérez (Atrio**, Cáceres), Javier Olleros (Culler de Pau*, O Grove), Maca de Castro (Maca de Castro*, Port d’Alcúdia) edo Maria Solivellas (Ca na Toneta, Caimari).
Sacha Hormaechea, Pedro Sánchez edo Jordi Vilà, “heterodoxo”en artean
Edizio honetan “heterodoxo”ek ere lekua izango dute. Gero eta sukaldari sortzaile gehiago dira haien lokaletan nolabaiteko informaltasunaren aldeko apustua egiten dutenak eta zuzeneko sukaldaritzarekin konprometitutako proposamenak egiten dituztenak, elikagaien eraldaketa handirik egin gabe, eta gehienbat gertukoak eta soilik sasoikoak diren produktuak erabiliz. Berez eta inolako plangintzarik gabe sortu dira hainbat hiri eta herrietan azken urteotan, baina gaur egun kolektibo bereko kide gisa ikus ditzakegu, haien banakotasunarekin eta berezitasunekin, modez harago.
San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country mugimendu horretan barneratzen da “postbistronomia” izenda daitekeena berriz aurkitzeko, hura aztertzeko eta hari balioa emateko, dokumental bat, mahai inguruak eta “alternatibo” horien dozena bat hitzaldi antolatuz. Besteak beste, gurekin izango dira Pedro Sánchez (Bagà*, Jaén), Jordi Vilà (Alkimia*, Bartzelona), Rafa Peña (Gresca, Bartzelona), Sacha Hormaechea (Sacha, Madril), Carlos Torres eta Elisa Rodríguez (La Buena Vida, Madril), Nino Redruello (Fismuler, Madril) edo Ivan Domínguez (NaDo, Coruña).
Italiarekin senidetzea eta “Black Cuisines Matter”
Gainera, egun horietan zehar, Italia eta Espainia elkarrekin arituko dira Donostiako sukaldeetan. Alpeez bestaldeko herrialdeari eskainitako jardunaldi bat egongo da kongresuan, Espainiarekin batera osasun krisiaren ondorioak gehien jasan dituen Europako lurraldeetako bat baita. Italia eta Espainiaren arteko senidetzea gertatuko da bi herrialdeetako chef onenetako batzuen eskutik, eta, gainera, elkarrekin prestatuko dituzte kongresuko bi afari ofizial. Gastronomika 20k, gainera, “sukaldaritza beltza”ri, arraza eta sukaldaritzako arbasoak (Afrika, Antillak, Amerika…) harrotasunez erreibindikatzen dituen eta azken urteotan hedatuz joan den sozio-sukaldaritzako “new wave”ari (“Black Cuisines Matter”) ikusgaitasuna ematearen aldeko apustua egiten du. Horretarako, munduko chef beltz onenetariko batzuk izango ditugu auditorium birtualeko oholtzan.
San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country denbora errealean jarraitu ahal izango da munduko edozein txokotatik, eta kongresu osoaz gozatzeko egin behar den gauza bakarra aldez aurretik izena doan ematea da, webgune honetan: www.sansebastiangastronomika.com. Aukera paregabea, gastronomiari buruzko kongresurik zaharrenaren kalitate zigiluarekin.